Jaime VALVERDE
KRITIKA antzerkia

Ikuskizunak jarrai dezala

Zirku zaharrei darien prekarietate ia esentzial horrek, errukarria izateaz gain, kontraste deigarria sortzen du publikoaren aurrean eman nahi den irudi distiratsuarekin alderatzean. Kontraste bat, paradoxikoki, erakargarria suertatzen dena, behintzat endekapenean lilura kausitzen dugunontzat.

Gainbeheran sartutako zirkuan geratu diren bi pailazoek azken emanaldia eskaini nahi dute, eta alde egindako lagunen hutsunea suma ez dadin, numero guztiak beraiek egingo dituzte. Sortutako egoera absurdo eta erridikuluek publikoaren barrea bilatzen dute, eta aldi berean, bukaera iluna iragartzen duen patetismo giroa sortzen.

Ikusleekiko elkarreragin handia behar duen obra honetan, nabarmentzekoa da taldeak erakusten duen zintzotasun artistikoa, proposamen guztiak aurrera eramateko fedea eta, batez ere, istoriotik atera ahal den metafora, ezkorra bada ere.

Obrak gogorarazten digu antzerkia bera ere koka daitekeela zaharkiturik geratu diren ikuskizunen artean, eta norberaren hezur-mamizko presentziarekin publikoan zirrara sortzen saiatzen direnak ero kixoteskotzat har daitezkeela. Agian horregatik, izaera kimeriko horregatik, ez diogu antzokietara hurbiltzeari uzten.

Fitxa

Obra: «Amets Zirkoa salgai».

Testua: Ion Martinez.

Taldea: Aldatzen Laguntzen.

Data eta lekua: Igorreko gaztetxea, 2015/03/20.